Urriaren 6tik 22ra Santurzine Jaialdiak hamargarren urteurrena ospatuko du
Besteak beste, EITBk jaialdiarekin bat egingo du eta Euskal Pantailak atala lehiaketa izango da, 1.000 euroko sari eta guzti
Urriaren 6tik 22ra Santurtziko Zine Jaialdiak, Santurzinek, hamar urte beteko ditu euskal zein estatu mailako zine-jaialdi aitortu gisa finkatuta. Hamargarren edizioari begira, Jaialdiak lau ataletan izena emateko epea zabaldu du, laurak lehiaketa izaeradunak, baina zenbait aldaketarekin.
Santurtzi eta Estatu mailako atalak berriro ere izango dira Santurzineren oinarria. Lehenengoa udalerriari estu lotuta dago, hortaz, aurkezten diren lanek gehienez hamabost minutuko iraupena izango dute, eta gutxienez gure herrian grabatutako eszena bat agertu beharko dute. Irailaren 18a izango da lanak bidaltzeko azken eguna. Bestalde, Estatu Mailako atalak 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera egindako film laburrak bilduko ditu, eta uztailaren 24ra arte luzatuko da filmak aurkezteko epea. Atal biek ala biek 2.500 euro banatuko ditu saritan.
Aurten ere Amnistia Internazional erakundeak jaialdia babestuko du Ibiltariak atalaren bidez. Oraingo honetan Giza Eskubideen Adierazpenaren 19. artikuluari buruzko film labur eta luzeak programatuko ditu, hau da, adierazpen askatasuna eta protestarako eskubidea jorratzen dituzten filmak. Izena emateko azken eguna uztailaren 24a izango da. Ibiltariak sariaren epaimahaia aurten ere gaztez osatuta egongo da, institutu eta unibertsitateetako ikasleez hain zuzen.
Baina kolaborazio gehiago egongo dira, Euskal Pantailak erakusketa izaerari utzi eta lehiaketa izango baita EITBren eskutik, zeinak 1.000 euroko saria emango dion Euskal Herriko egile hasiberrien lanik onenari. Lanak abuztuaren 14ra arte bidali ahal izango dira. Eta horrez gain, EITBk Santurzine Zine Lantegia Sorkuntza Foroa babestuko du garatzen ari den egitasmorik onenari 500 euro emanez.
Bestalde, Kalean atala, etxerik gabeko egoera azalarazten zuena, desagertu egingo da jaialdian hainbat urtez egon ondoren. Hala eta guztiz ere, sariak lekua izango du, Bizitegi elkarteak jaialdiari lotuta jarraituko du eta. Horrela, Kalean saria egon egongo da, baina aldaketa txiki batekin, hemendik aurrera gizarte-bazterketa jorratzen duen edizio osoko lanik onenari emango baitzaio saria, 500 euroko saria hain zuzen.
Jaialdiaren oinarriak dagoeneko webgunean daude guztion esku.
Santurzineren hamargarren urteurrena
Santurzineren hamargarren urteurrenaren harira, aurtengo edizioan zenbait keinu egingo zaizkie jaialdiaren historiari eta parte-hartzaileei. Eta horrekin batera, hainbat jarduera berezi egingo dira programazioan. Datozen hilabeteetan emango ditugu horiek guztioriek aditzera.